Argibideak

(jokoaren arautegiaren laburpena)

 

Hasierako posizioa

Taulako koadrotxoei lauki deritzegu. Taula kokatzeko orduan, kontuan hartu eskuineko lehen laukiak zuria izan behar duela. Jokalari bakoitzaren lehen errenkadako bi lauki zentraletan erregea eta dama kokatu behar dira. Dama bere koloreko laukian ipini behar da, eta erregea alboko lauki zentralean.


Arau orokorrak

Jokalariek, txandaka, beren piezetariko bat mugituko dute, endroke jokaldian izan ezik. Endrokean bi mugituko dira. Zuriak dituen jokalaria hasiko da (jokalari horrek abantaila txiki bat dauka).


Gure pieza bat lauki batean badago, bertan ezin dugu beste bat ipini. Aldez aurretik aurkariaren pieza batek okupatzen zuen laukia, ordea, okupa dezakegu. Gure pieza lauki horretan kokatuko dugu, eta aurkariarena jokotik kenduko da. Honi aurkariaren pieza harrapatzea edo jatea deritzogu.


Erregea

Erregea inguruan dituen zortzi laukietatik edozeinetara mugi daiteke. Endroke-jokaldian bi lauki mugi daiteke.

 


Xake jokaldia

Jokalari batek, bere piezetariko baten bidez, aurkako erregeari eraso egiten dionean, piezak xake egiten duela diogu. Erregea xakean dagoenean, egoera horretatik irtenaraziko duten mugimenduak baino ez dira onartuko. Jokalari batek ezin du egin bere erregea xakean ipiniko lukeen jokaldirik, hau da, ezin du erregea mugitu aurkariaren pieza batek eraso egiten duen laukira.


Adiskideen arteko partidetan, xake egiten duen jokalariak abisu eman ohi dio aurkariari, "xake" hitza esanez.


Jokalari baten erregeari xake egiten zaionean, jokalari horrek, nahitaez, erreskatatu behar du posizio horretatik. Hori egiteko, hiru aukera dauzka:

  • Erregea mehatxatzen duen pieza harrapatzea.

  • Pieza bat ipintzea xakea oztopatuz, hau da, erregearen eta pieza erasotzailearen artean. Hori ezin da egin bi piezek batera erasotzen badiote erregeari edo erasotzailea zaldia bada.

  • Erregea mugitzea aurkariak eraso egiten ez dion alboko lauki batera.

Dama
Dama nahi beste lauki mugi daiteke horizontalean, bertikalean edo diagonalean.

 


Gaztelua

Gaztelua nahi beste lauki mugi daiteke horizontalean edo bertikalean.

 


Alfila

Alfila nahi beste lauki mugi daiteke diagonalean.

 

 

Zaldia

Zaldia da jauzi egin dezakeen pieza bakarra, hau da, hasierako laukitik amaierako laukira joan daiteke tarteko inongo piezak ezin dezakeela mugimendu hori galarazi. L forman mugitzen da: urrats bat diagonalean, eta beste bat bertikalean edo horizontalean. Hau da, bere errenkadan, zutabean eta diagonalean ez dauden lauki hurbilenetara mugitzen da.

 

IDAZKERA ALJEBRAIKOA

  • Taularen errenkadak 1etik 8ra izendatzen dira; pieza zuriek 1. eta 2. errenkadak okupatzen dituzte, eta pieza beltzek 7.a eta 8.a.

  • Taularen zutabeak letra xehez izendatzen dira, "a"-tik "h"-ra, pieza zuriak dituen jokalariaren ezkerretik hasita.

  • Laukiek dagokien zutabearen eta errenkadaren izena hartzen dute (e8, d5, c6, etab.)

  • Piezak haien lehen letraz izendatzen dira, peoia izan ezik. E (Erregea) D (Dama), G (Gaztelua), A (Alfila), Z (Zaldia).

  • Jokaldi bat adierazteko, piezaren lehen letra eta haren mugimenduaren helburua den laukia idatzi behar dira, peoiaren kasuan izan ezik. Kasu horretan, laukia baino ez da aipatzen. (Ze4-ren bidez, esaterako, zaldia e4 laukira doala adierazten da).

  • Izen bereko bi pieza (bi zaldi, adibidez) lauki berera joan badaitezke, mugituko den piezaren zutabea adieraziko da; eta bi piezak zutabe berean badaude, errenkada adieraziko da (Zed5-en bidez adierazten da bando bereko bi zaldietatik " e " zutabean dagoena d5 laukira doala).

  • Harrapaketa adierazteko, piezaren lehen letraren (edo peoiaren zutabea) eta harrapatutako piezaren laukiaren artean "x" tartekatuko dugu. Gxb5-en bidez adierazten da gaztelu batek pieza bat harrapatu duela b5-ean; dxe6-ren bidez adierazten da d zutabeko peoiak e6-an pieza bat harrapatu duela.

  • Paseko harrapaketa honela adierazten da: "h.p."

  • Xakea "+" ikurraz adierazten da, eta xake-matea "++".

  • Endroke laburra 0-0 adierazten da, eta endroke luzea 0-0-0.

 

Peoia

Peoia ez da berdin mugitzen pieza bat harrapatzen duenean eta harrapatzen ez dueneanHorretan bakarra da.


Harrapatzeko ez bada, peoia aurreko laukira mugi daiteke. Aukeran, egiten duen lehen jokaldian, peoiak lauki bat zein bi aurreratu ditzake; betiere ez badago beste piezarik bidean.

 


Bere aurrean eta diagonalean, hau da, alboko zutabeetan aurkariarenganako noranzkoan, pieza aurkariren bat kokatuta badago, peoiak harrapa dezake.


Peoi batek zortzigarren errenkadara heltzea lortzen duenean, "koroatzen duela” esaten da. Orduan, automatikoki, peoiaren truke beste edozein pieza ipini behar da, erregea edo beste peoi bat izan ezik.

 

Jokaldi berezia: Peoiaren paseko harrapaketa

Jokaldi hori egin ahal izateko, alde batetik, jokalariak bosgarren lerroan eduki behar du bere peoia, eta, beste aldetik, aurkariak peoi bat eduki behar zuen alboko zutabe bateko hasierako laukian eta, gainera, aurreko jokaldian bi lauki aurreratu behar izan du peoi hori. Kasu horretan, jokalariak aurkariaren peoia harrapa dezake, lauki bakar bat aurreratu izan balu bezala.

 

Jokaldi berezia: Endrokea

Bi pieza aldi berean mugitzen diren xakeko jokaldi bakarra da endrokea, baita erregea bi lauki mugitzen den eta gazteluak beste pieza baten gainetik jauzi egin dezakeen jokaldi bakarra ere. Honetan datza: erregea bi lauki mugitzen da dorrea dagoen izkinarantz, eta, jokaldi berean, gazteluak erregearen gainetik jauzi egiten du, erregearen beste aldean kokatzeko.


Zein gaztelurekin egiten den, bi endroke mota daude: endroke laburra eta endroke luzea.


Endrokea baldintza hauek guztiak betetzen direnean baino ezin da egin: ez erregeak ezta gazteluak ordura arte mugimendurik egin ez izana, erregearen eta gazteluaren artean piezarik ez egotea, eta erregea korritzen dituen laukiak (hasierako eta amaierako posizioak barne) erasopean ez egotea (xakea jaso ondoren, ezin daiteke endrokerik egin, adibidez).


Partidaren amaiera

Jokoa amaituko da honako baldintzetariko bat betetzen denean:

  • Xake-matea: erregea xakean dagoenean eta ezin denean saihestu inongo mugimendu legalen bidez. Matea jaso duen jokalariak galtzen du, eta partida amaitzen da.

  • Bertan behera uztea: jokalari batek amore ematen du —“bertan behera uztea” delakoa—; automatikoki, aurkariak irabazten du.

  • Berdinketa: xakean berdinketa arrazoi hauetako batengatik gerta daiteke:

    • Matea ematea ezinezkoa delako (gehienetan, taula gainean pieza gutxi gelditzen direlako).

    • “Erregea itota” egoteagatik (jokalariak ezin du mugimendurik egin xakea saihesteko).

    • Hirugarrenez, piezen posizioak errepikatzen direlako.

    • 50 mugimenduren ostean, piezarik harrapatu ez bada eta peoirik mugitu ez bada.

    • Berdinketa adostu delako.