Argibideak

(jokoaren arautegiaren laburpena)

 

Jokalari bakoitzak kolore bereko (zuriak eta beltzak deituko diegu)12 pieza ditu. Partida-hasieran, jokalariak hurbilen dituen hiru errenkadetako lauki ilunetan daude kokatuta piezak.

Txandaka jokatzen da. Zuriak dituena hasten da jokatzen. Jokalari bakoitzak pieza bat mugitzen du bere txandan.

Piezak (jaten ez dutenean) posizio bat mugitzen dira aurrerantz (inoiz ez atzera) diagonalean eskuinerantz edo ezkerrerantz, hutsik dagoen alboko posizio batera.

Jatea

Aurkariaren pieza bat jateko, zure piezetariko baten aurrez aurre egon behar du. Erasoaren norabidean eta diagonalean egin behar da beti, “jan” nahi dugun piezaren gainetik jauzi eginez eta haren atzeko laukian jausiz, betiere gure piezaren mugimenduari jarraituz. Mugimendua egin daiteke baldin eta azken laukia libre badago (atzerantz ezin daiteke jan).

Harrapaketak kateatu daitezke. Hau da, pieza baten gainetik jauzi egiten badugu, eta posizio berritik beste pieza batzuen gainetik jauzi egiteko aukera badugu, egingo dugu.

Ahal badugu, jatera behartuta gaude (jan daitezkeen pieza guztiak). Aukera bat baino gehiago badaude, ahalik eta pieza gehien jatera behartuta gaude.

Familia arteko jokoan, jokalari batek jateko aukera badu eta aprobetxatzen ez badu, beste jokalariak egiten utziko dio, eta, okerreko mugimendua egiten amaitzen duenean, jateko aukera galdu zuen pieza ""kenduko"" dio. Hau da, pieza hartu eta jokotik ateratzen du. Pieza bat kentzea jan ez izanagatik ez da mugimendu bat.

Erregina egitea

Pieza batek azken errenkadetariko lauki batean mugimendu bat amaitzen badu, erregina bihurtzen da. Bere gainean beste pieza bat ipiniz adierazi ohi da hori.

Erreginak diagonaletatik mugitzen dira, aurrerantz edo atzerantz, nahi beste lauki. Erreginak beste pieza bat jaten duenean, hurrengo laukian jausten da.

Partidaren amaiera

Galtzailea da taula gainean piezarik gabe gelditzen den jokalaria edo piezarik ezin duena mugitu.

Partida berdinketan ere amai daiteke, jokalari bien pieza kopurua antzekoa eta txikia bada, ez aski batak edo besteak irabaz dezan.