Kasetea

Orain erabiltzen ditugun soinu digitalerako euskarriak sortu baino lehen, oso normala izaten zen kaseteak erabiltzea audio-grabazioak egiteko. Kasetea, azken finean, pastikozko kutxa bat baino ez da, barruan bi gurpiltxo dituena; zinta magnetiko bat biribilkatzen da gurpiltxo batean bestetik hedatu ahala, eta bidean, abiadura konstantea izanik, buru magnetiko batetik igarotzen da soinua grabatzeko zein erreproduzitzeko.

 

Jarduera honetan, kasete batek nola funtzionatzen duen aztertuko dugu. Besteak beste, aztertuko dugu nola aldatzen den gurpiltxo batean biribilkatuta dagoen zintaren luzera edo zenbateko abiadurarekin biratzen den kasetea martxan dagoenean.

 

Normalean, benetako kaseteek gehiago iraun arren, kalkuluak errazteko, eman dezagun gure zintak 50 segundo irauten duela, eta 4,5 cm/s-ko abiadura konstantearekin igarotzen dela buru magnetikotik. Hasieran, eskuineko gurpiltxoaren erradioa, bertan zinta oso-osoa biribilkatuta dagoenean, 2,5 cm-koa da; eta bukaeran, zinta osoa beste gurpiltxora igaro denean, 1 cm-ekoa da erradioa. Bi kontagailu dauzkagu, adierazten dutenak zenbat bira egin dituen gurpiltxo bakoitzak zinta martxan jarri denetik (edo biraketa-noranzkoa aldatzen den unetik) une jakin batera arte. Dagokion irristailua mugituz ere, birbobinatu dezakegu zinta, eskuz.

 

Este es un Applet de Java creado con GeoGebra desde www.geogebra.org – Java no parece estar instalado Java en el equipo. Se aconseja dirigirse a www.java.com

 

Galderak

  1. Klikatu botoiaren gainean zinta martxan jartzeko. Biratzen dira gurpiltxoak abiadura berberarekin? Aldatzen dira erradioen luzerak erritmo berberarekin?

  2. Demagun zintak 50 s irauten duela, eta 4,5 cm/s-ko abiadura konstantearekin igarotzen dela buru magnetikotik. Zenbateko luzera du zintak? Eskuineko gurpiltxoan, zenbateko luzera izango du biribilkatutako zintak 10 segundo igaro ondoren? Eta ezkerreko gurpiltxokoak?

  3. Adierazi, zure hitzekin, nola aldatzen den eskuineko gurpiltxoan biribilkatutako zintaren luzera denboraren funtzioan (demagun zinta eskuinetik ezkerrera doala). Irudikatu gutxi gorabeherako grafiko bat zeure ondorioak adierazteko.

  4. Orain, aldaketa hori zehatzago aztertuko dugu. Eraiki balio-taula bat adierazteko nola aldatzen den eskuineko gurpiltxoan biribilkatutako zintaren luzera denboraren funtzioan, eta irudikatu. Konprobatu erantzuna "Balio-taulak eta grafikoak" izeneko kontrol-laukia gaituz, eta, ondoren "1. Taula" eta "1. Grafikoa". Puntua irrista dezakezu grafikoan zehar "Birbobinatu" irristailuarekin..

  5. Idatzi adierazpen aljebraiko bat nola aldatzen den zintaren luzera denboraren funtzioan kalkulatzeko. Konprobatu erantzuna "Adierazpen aljebraikoa" kontrola gaituz.

  6. Klikatu "Berrabiarazi" botoiaren gainean. Errepikatu aurreko 3 ariketetan egin duzuna, baina ezkerreko gurpilerako. Erantzuna konprobatzeko, "2. Taula" eta "2. Grafikoa" kontrolak gaitu behar dituzu, eta "Adierazpen aljebraikoa" kontrola gero.

  7. Une jakin baterako, ezkerreko gurpiltxoko zinta 55 cm luze da. Zenbateko luzera du eskuineko gurpiltxoan biribilkatutako zintak? Nola kalkula dezakegu, orokorrean, eskuinean geratzen den zintaren luzera ezkerreko gurpiltxoan dagoenaren luzera ezagututa? Idatzi adierazpen aljebraikoa erlazio hori adierazteko, eta adierazi grafikoki ere.

  8. Klikatu "Berrabiarazi" botoiaren gainean. Gaitu "Gurpiltxoen arteko distantzia", eta klikatu botoiaren gainean zinta martxan jartzeko. Erreparatu nola aldatzen den gurpiltxoen arteko distantzia mugitu ahala. Adierazi zeure hitzekin ikusten duzuna.

  9. Orain, aldaketa hori zehatzago aztertuko dugu. Klikatu "Berrabiarazi" botoiaren gainean, eta gaitu "Taulak eta Grafikoak" eta "3. Taula" kontrolak. Bat dator aurreko ariketan idatzi duzunarekin? Adierazi grafikoki taulako datuak. Zer motatako kurbak lortu dituzu? Beraz, zer motatako funtzioak deskribatzen du gurpiltxoen arteko distantzia zinta martxan egon den denboraren arabera (edo zinta birbobinatzen egon den denboraren arabera)? Konprobatu eginiko grafikoa "3. Grafikoa" gaituz. Puntua mugi dezakezu grafikoan zehar "Birbobinatu" irristailuarekin.

  10. Saia zaitez aurkitzen adierazpen aljebraiko bat gurpiltxoen arteko distantzia kalkulatzeko denboraren funtzioan. Konprobatu erantzuna "Adierazpen aljebraikoa" kontrola gaituz.

  11. Klikatu  "Berrabiarazi" botoiaren gainean. Gaitu "Kontagailuak" kontrola, eta klikatu botoiaren gainean zinta martxan jartzeko. Erreparatu zinta martxan jartzen den unetik gurpil bakoitzak zenbat bira egin dituen adierazten dutela kontagailuek, edo noranzkoa aldatzen denetik. Abiadura berberarekin biratzen dira gurpiltxoak? Emaitza berbera adierazten dute eskuineko kontagailuak eta ezkerrekoak? Emaitza berbera dute kontagailu biek inoiz? Adierazi, zeure hitzekin, nola aldatzen diren biren kopuruak bi kontagailuetan.

  12. Orain, aldaketa hori zehatzago aztertuko dugu. Klikatu "Berrabiarazi" botoiaren gainean, eta gaitu "Taulak eta Grafikoak" eta "4. Taula" kontrolak. Taulak adierazten digu zenbat bira egin dituen ezkerreko gurpilak denboraren funtzioan. Bat dator aurreko ariketan idatzi duzunarekin? Beharrezkoa bada, adierazi hitzekin nola aldatzen den ezkerreko kontagailua denbora pasatu ahala.

  13. Adierazi grafikoki 4. taulako datuak. Konprobatu erantzuna "4. Grafikoa" kontrola gaituz. Puntua mugi dezakezu grafikoan zehar "Birbobinatu" irristailuarekin.

  14. Errepikatu aurreko bi ariketetan egin duzuna; baina, orain, eskuineko gurpiltxorako. Balio-taula ikusteko, edo erantzuna konprobatzeko, hurrenez hurren, "5. Taula" eta "5. Grafikoa" kontrola gaitu behar dituzu.

  15. Ikusteko nola aldatzen diren kasetearen gurpiltxoen erradioak, zeharkako informazioa ematen dute kontagailuek. Aurreko ariketetako emaitzetatik abiatuta, irudikatu gutxi gorabeherako grafiko bat adierazteko nola aldatzen den ezkerreko gurpiltxoaren erradioa denboran zehar.

  16. Orain, eraiki gutxi gorabeherako grafiko bat adierazteko nola aldatzen den eskuineko gurpiltxoaren erradioa denboran zehar.

 

 

 

 








HASIERA    Creative Commons License 

EGILEAK: José Luis Álvarez García eta Rafael Losada Liste.

ITZULTZAILEA: Mª Teresa González Calvo.