Eskailerak

 

Badakizu zer luzera duen zure urrats bakoitzak (oin baten puntatik beste oinaren puntarainoko distantzia) modu normalean ibiltzen zarenean? Datu hori ezagutzen baduzu, distantzia batzuen balio hurbilduak kalkula ditzakezu. 

 

Erraz kalkulatuko duzu zure urrats baten luzera. Horretarako, zenbatu baino ez dituzu egin behar egiten dituzun urratsak distantzia jakin bateko ibilaldia osatzeko; eta, azkenik, bi balio horiek zatituz (ibilaldiaren luzera zati egindako urratsen kopurua) lortuko duzu zeure urrats bakoitzaren luzera jakitea.


Eskailera batetik gora igotzen garenean, gehienetan, gure urratsak laburragoak izaten dira; are gehiago: eskailera zenbat eta aldapatsuagoa izan, hainbat eta laburragoak izango dira urratsak. Datu hori oso kontuan hartzen dute arkitektoek eraikin bateko eskailerak diseinatzen dituztenean. Normalean, erlazio hau erabiltzen dute: bertikalean gora joaten garen zentimetro bakoitzeko, urratsa bi zentimetro laburragoa da.

 

Jarduera honetan, aztertuko dugu zer-nolako erlazioa duten eskailera baten maila bakoitzaren luzerak eta altuerak. Horretarako, eman dezagun 60 cm luze dela pertsona baten urratsa modu normalean ibilita; eta, gainera, har dezagun kontuan goian aipatutako erlazioa eskailera bat diseinatzeko.

 

Hau Java applet bat da, GeoGebrarekin egina www.geogebra.org Webgunetik. Badirudi ez duzula Java instalatuta. Mesedez, bisitatu www.java.com

 

Galderak

  1. Mugitu goian ezkerraldean dagoen irristailua, eta erreparatu nola aldatzen den eskailera. Zer gertatzen da eskaileraren mailaren luzerarekin eta altuerarekin irristailua mugitzen duzunean? Irudikatu gutxi gorabeherako grafiko bat, erlazio hori deskribatzen duena (ez da zertan izan oso zehatza).

  2. Orain, irristailua mugituko duzu (nahi duzun moduan), eta balio-taula hau beteko duzu lorturiko informazioarekin. Bete ostean, gaitu "Erakutsi balio-taula" izeneko kontrol-laukia, eta konprobatu erantzuna:

Mailaren altuera (cm)

0 2 4 6 8 10 12 14 16 18 20 22 24 26 28 30

Mailaren luzera (cm)

                               
  1. Zenbateko luzera izango du mailak, 12,5 cm altu bada? Eta 20,4 cm-ko altuera izanez gero? Eta 17,8 cm-koa? Zer kalkulu egin duzu luzera hori lortzeko? Erantzun baino lehen, aztertu arretaz aurretik jasotako balio-taulako datuak.

  2. Mailaren altuerari x deitzen badiogu (zentimetrotan), eta y luzerari (zentimetrotan), zer adierazpen aljebraikoren bidez kalkula dezakegu y (x-ren funtzioan, jakina)? 

  1. Zer esanahi praktiko dute goiko adierazpen aljebraikoan agertzen diren bi zenbakiek?

  2. Birpasatu lehen ariketan eginiko grafikoa balio-taulako datuetatik abiatuta. Irudikatu berriz grafikoa, zehatzago, balio-taularekin bat ez badator. Ondoren, gaitu "Erakutsi funtzioaren grafikoa" izeneko kontrol-laukia, eta konprobatu erantzuna.

  3. Mugitu puntu berdea, eta ikusi zer gertatzen den. Zer adierazten du puntu urdinak? Erabili grafikoa galdera hauei erantzuteko:

    1. Altuera 7,5 cm-koa bada, zer luzera du mailak? Eta altuera 12,5 cm-koa bada?

    2. Maila bat 15 cm luze da. Zer altuera du? Eta 25 cm luze bada?

    3. Eskailera baten mailak 30 cm luze dira, eta 17 cm altu. Bat dator eskailera hori aztertzen ari garen ereduarekin? Arrazoitu erantzuna.

  4. Aztertu, orain, eskailera baten mailaren luzeraren eta altueraren arteko beste erlazio hau: bertikalean gora bi zentimetro egiten dugun bakoitzeko, urratsa bost zentimetro laburragoa da. Demagun urrats baten luzera 60 cm-koa dela horizontalean. Kasu honetan, zer erlazio dute eskailera baten mailaren luzerak eta altuerak? Eraiki balio-taula bat, eta irudikatu erlazioa. Saia zaitez aurkitzen adierazpen aljebraiko bat erlazio hori deskribatzeko; hau da, altuera jakinda, mailaren luzera kalkulatzeko. Behin ariketa eginda, gaitu "Egiaztatu 8. ariketa" izeneko kontrol-laukia, eta konprobatu erantzuna.

 

 

 

 








HASIERA    Creative Commons License

EGILEAK: José Luis Álvarez García eta Rafael Losada Liste.

ITZULTZAILEA: Mª Teresa González Calvo.